XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5. KAPITULUA. LANGILE ALOKATUEN IBILTZE ASKEA.

1. LANGILE ALOKATUEN IBILTZE ASKEA EEETn.

EEETren 48. artikuluak zioenez, aro iraunkorra amaitu orduko, 1969. urterako, alegia, Elkartearen barruko langileen ibiltze askeak bermatua egon behar zuen.

Eta horrelaxe izan zen: piskat lehenago,1621/68 erregelamenduak behin-betiko eraentza edo erregimena ezarri zuen.

Aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluak ondoko eran azaltzen du zertan datzan langileen ibiltze askea: Estatu elkartekide baten hiritar orok, zeinnahi delarik ere haren egoitza, beste Estatu elkartekide baten lurraldean alokairuko iharduera iristeko eta egikaritu edo ejerzitzeko eskubidea du, beste Estatu elkartekide horretako langile nazionalen enplegua arautzen duten legezko, erregelamenduzko eta administraziozko xedapenen arabera.

Zer eskubide eratortzen dira, Elkarteko langileentzat, aipaturiko EEETren 48. artikulutik eta 1612/68 erregelamendutik?.

Eskainitako enpleguei erantzuteko; lanpostua bilatzeko edo beronetaz jabetzeko asmoz beste Estatu elkartekide batera lekuzaldatzeko; enplegua egikaritu edo ejerzitu ahal izateko beste Estatu elkartekide batean egoitza edukitzeko; eta egikaritu ondoren hartan irauteko eskubidea.

Langile nazionalekiko tratu-berdintasuna bai enplegura iristeari (ez da lan-baimenik behar) eta bai enplegu lan-baldintzei (lansariak, eskubide sindikalak......) dagokienean.

Senitarteko eskubideak (senideak biltzeaz, langilearen senideak enplegura iristeaz, seme-alaben eginbeharreko eskolaratzeaz......).

Hala ere, langileen ibiltze askeari bi garrantzizko murriztapen jartzen zaio EEETn: EEETren 48.3 artikuluan aipatzen dena: ordena-publikoko, segurtasun publikoko eta osasuneko arrazoiengatik " langile alokatuen ibiltze askea galeraz daiteke (dena dela, zio hauek era murrizkor batean ulertu eta interesatuaren jokatze pertsonalean oinarrituz inbokatu behar dira).

EEETren 48.4 artikuluan aipatzen dena: (langile alokatuen ibiltze askeari buruzko) xedapenak ez dira Administrazio Publikoaren enpleguen kasuan aplikagarri.